XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PROSAGILE

Lizardiri bezala gertatu izan zaio Monzoni ere neurri batean, poetaren ospeak ezkutuan utzi izan du prosagilearen handia.

Biak baitira handi, Lizardi eta Monzon, oraindik ere egiteko dagoen euskal prosaren historian.

Prosan, hitz lauz, berba laxoan, nagikerian bezala, hilezkortasun-asmorik gabe, hurbileko helburuan, hainbat idazlek utzi dizkigute benetako maisu-lanak genero labur, zail, zehatzezin eta definigaitzean.

Monzonen artikuluak, zer duda egin, onenen multzoan sartzen dira:

Belar-gurdi bat ekartzeko asmoz ateratuak ginen etxetik. Eta horra: gurdia basan sartu. Gaua etorri zitzaigun eta, idiketara joan beharrean, hasi ginen predikatzen: bide hobeak behar omen ziren munduan egin! Hogei urte igaroak dira geroztik. Bideak ez dituzte antolatu. Eta gure belar-gurdia hantxe dago beti: lokatzetan sartua.

Euskal Herriaren arbola, Francoren aulkiak, arrano beltza, pitxar hautsia, kanpai-jolearena... fabulaz, parabolaz, alegiaz mintzatzea maite zuen Monzonek.

Baliabide metaforikoak ematen zizkion herriari, adibide xingle eta zorrotzak, batasuna, lurraldetasuna, naziotasuna aldarrikatzeko argudio gisa.

Honetan ere idazleak larderia handiagoa zuen politikoak baino, panfletoak zabaltzea baino eraginkorrago zeritzon ipuintxo bat kontatzeari, hurbilekoak ez ezik urrunagokoak ere bildu nahian.

Bazuen gatza, hala ahoz nola idatziz, genero hori lantzeko.

Hartuko zizun anekdota xume bat eta adibide orokor bat egingo zizun, hartuko zizun gertakari arrunt bat eta ondorio unibertsalak aterako zizkizun.

Manipuladore bat zela esan izan zioten aurkari politikoek, mesprezuz. Zer besterik da ordea, poeta?

Alegiarako jaidura hau, egia da, egunerokotasunari ihes egitea izan liteke, edo errealitate bihurri eta anabastu bat aztertzeko adina tresna teorikoren jabe ez izanaren ondorioa, edo errealitateari buruz definitu nahi ezarena.

Ez zen Telesforo Monzon politikan sartu berriko idazle bat.

Ehundaka mitinetan eta Errepublikako legebiltzarrean trebatua zen buruz buruka Calvo Sotelo bezalako arrainekin idazten hasi zenerako, ez zen mutu geldituko argudio dialektikorik ezaz.

Eta bestelako politikaz, ezkutuan eta alderdiaren aginduz pertsonalki egin beharrekoetan ere bazuen esperientziarik, besteak beste, gutxi egon ohi direlako alderdietan, oro har, Teresforo Monzon bezalako nortasun landu eta non-nola dakitenak.

Miterrand-ekin elkarrizketatu zen behin.